"Aurore gure etxeetan bizi da eta behar beste luzaz aterpetuko dugu"

Publié le par Euroaginduari EZ

Kazeta.info  2011-01-12

404937_aurore_martin_oficiales_iparralde_original_imagen.JPG

Hara Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako 80 eragilek -gehienak hautetsi dira- eman duten urratsa. Hautetsi horiek petizione bat izenpetu dute zeinean iragan abendoaren 17az geroztik gordeta den Batasunako mahikide ohia laguntzeko urratsa eman dutela aitortzen duten. Bir maneran "ateak zabalduz Aurore laguntzeko" deia zabaltzen diote euskal jendarteari. Haien jarrera delitua dela jakingainean direla erran dute, baina Euskal Herrian zabaldu den "egoera itxaropentsu honetan" frantziar gobernamenduak espainiar estatuari ematen dion eskukolpeagatik "kolera bizia" sentitzen dutela eta justiziaren erabakiaren aurka jazartzen direla gaineratu dute. ( Irakurri ere: Aurore Martin FR3 telebistan elkarrizketatu dute ).

 

Hautetsien izenean Peio Etxeberri-Aintzart eta Battita Amestoik hartu dute hitza. Haien agerraldia "haserre oihu bat zela" erran dute hastapenetik, ondoren frantziar justiziak "ekitaldi publikoetan parte hartzeagatik" militante politiko baten espainiaratzeko erabakiaren aitzinean jazartzen direla gaineratu dutela.

 

"Koleran gira Frantziako portaeragatik, bere jujuen bidez espainiar juztiziaren besoetan, hau da egunkariak, alderdiak, elkarteak debekatzeaz gain tortura baliatzen duen 'estatu demokratiko' baten besoetan utzi nahi duelako bere herritar bat" salatu dute. Ondoren, "orduz ordu sostengu berriak gehitzen dituen" petizionea irakurri dute euskaraz zein frantsesez.

 

Agiri horretan erabaki inportanta iragarri dute Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako aipatu hautetsiek. "Gure lana da, hautetsi gisa, Aurore laguntzea eta injustizia honen kontra altxatzea" erran dute.

 

"Aurore gure etxeetan bizi da eta behar beste luzaz aperpetuko dugu" adierazi eta gero "jendeari etxeko ateak zabaltzeko" deia luzatu diote.

 

"Delitua dela asumitzen dugu, baita gure erabakiaren ondorioak ere" azpimarratu dute hautetsiek, eskubide zibil eta politikoen defentsan Aurore Martinen alde martxan den elkartasun kanpainaren baitan bere ekimena kokatuz.

 

Iriart eta Leizegezahar mintzatu dira agerraldian

Petizionea irakurri ondoren, agerraldian parte hartu duten hainbat eragilek hartu dute hitza. Haien artean azpimarratzekoa da Paueko kontseiluan jarduten duen Alain Iriart Hiriburuko auzapezak eta Alice Leizegezahar Akitaniako kontseilariak haien iritzia eman dutela Martin afera kari.

 

Lehenak euroagindua baimentzeak juridikoki zein politikoki inplikatzen den "neurrigabekeria" agerian utzi. Hiriburuko auzapezak (ABren karta du baina independente gisa jarduten du Pauen) egungo testuinguru politikoak agintzen duen ardurarekin jokatzeko enplazamendua luzatu dio Pariseko gobernuari. Erran duenez, "iragana iraganean utziz, bestelako geroa eraikitzeko guzien engaiamendua behar da. Ildo beretik, Eskualde kontseilari Berdeak "bake prozesua aitzina eramateko bi aldeetako bortizkeriak gelditzea baitezpadakoa dela" goraipatu du.

 

Leonie Agergarai, Muskildiko hautetsi abertzaleak, bere aldetik, "pozik errezibitu dugu Aurore gure etxeetan, baina arrangura dugu berak gordetu behar izan duelako" erran eta gero "ETAren su-etenak lehen arrapostu bat eskatzen duela bi estaduen aldetik" aldarrikatu du.

 

Agerraldian bertze hitzartze batzuk izan dira. Hartara, Anai Artea elkarteko kide historiko bik: Mixel Mendiboure eta Battita Larzabalek gogora ekarri dute joan den mendeko 80. hamarkadan Frantziak kanporatzen zituen errefuxiatuak babesteko aitzineratu zen elkartasun kanpaina. Larzabalek esperientzia horretan oinarriturik Martin laguntzeko gomita zabaldu du, gisa beran euroaginduaren karietara kritika zorrotza eginez. "Edozein diktadorek amestuko lukeen tresna baita euroagindua".

Publié dans Prentsa

Commenter cet article